Pasa den ekainaren 6an, igandez, Balazta Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak antolatu zuen ekimenean parte hartu genuen.
Bidasoko Irun eta Hondarribi arteko lotura den Mendeluko auzoak duen gabezia bistaratzeko bizikleta martxa izan zen. Jakina da, urteetan bidegorria egingo dutela hitz emanagatik, oraindik ere ez dela halakorik gauzatu. Errepide nagusia da eta bizikletaz aritzeko zailtasun nabarmena dago. Hain zuzen ere, horregatik, antolatu zuten ekimena.
Egun mundiala izan zen. Eguraldi bikainak lagunduta zientoka haur, gazte, nerabe eta heldu batu ziren bertan. Tartean, Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko Aitor Errazkin eta Adrian Arruti irundarrak. Ekimenari, helburuari eta bidasoarrei eskaini zizkieten hainbat bertso.
1. Champs-Élysées -tik heldu berri da herrira ume batzuk jolasten dabiltzan tokira. Hark ere jolastu nahi luke, baina tira, ez duenez ulertzen hitzen narratiba erdi haserreturik besteei begira frantsesez aritzeko agintzen hasi da.
2. -“Gurekin jolasteko halako nahastea? hortarako aski da pixkat ikastea ta ez gure hizkuntza alda araztea”. hau entzunik pentsatu du hark ebaztea: -“ez baldin bada haizu frantsesez hastea debekatu behar da hemen jolastea”.
3. -Zer egin guri hala baletorkiguke?- Umeek jolasean lasai dihardute. Gehiago enerbatu da -Erranen nuke- eta haren bekaitza bihurtu da sute. Mugi ondorenean zeru zein zerupe parkean jolastea debekatu dute.
4. Gure herriko haurrak, edozein modura, jolasten jarraitzeko badute ohitura. -Gehiago indartu da zeukaten lotura-. Ez dutenez ahanzteko Pariseko hura hurbiltzen dira haren etxe ingurura pilotak botatzeko bere teilatura.
Bortzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin batera antolatutako Baztan-Bidasoko XXXIV. Bertsopaper Lehiaketako sariak banatu dituzte ekainaren 3an Berako Kultur Etxean.
Lau maila ezberdinetako sortak zenbatuta, guztira 59 lan jaso dituzte. Maila nagusian (18 urtetik gorakoentzat), Eneko Fernandez Maritxalar lesakarra nagusitu da, ‘Egia ur azalera’ bertso-sortarekin. Bigarren saria, Aitor Arotzena Albizu lesakarrak lortu du ‘Endara Bizirik’ lanarekin. Irunabarreko Adrian Arruti Bernadet irundarrak, aldiz, epaimahaiaren aipamena jaso du, ‘Pantailaren bestaldean -Alkoholiko bati jarriak-’ lanarekin.
1 Mantxako leku batean, izenik ez dut oroitzen, ezer hoberik ezean kapare zaharra heroi zen. Zoritxarrean eroritako, Dultzineak ihes egindako, On Kixotea izaki, zu beti gertu erasorako haize errota bihurtutako ardo botila huts bati.
2 Bataila galdu ondotik negar dagi begi biez berriro egin baitio duintasunari ihes. Sekula eza eta inoiza bereiztearen marra bikoitza sufritzen duzu sobera! Denbora nola da hain zikoitza? Abstinentzian egun bakoitza zuretzat hilabete da!
3 Urtebetean, zu hamar urte zahartu ondoren, ez dakizu ongi nola urtebete igaro den. Ezin baduzu zintzurra blaitu, zure bizitzak zentzu bat baitu; deus gabe uzten zaitu zu. Bakardadeak zahartu zaitu nahiz bizitza ez zaizun amaitu zuk amore eman duzu.
4 Cirque du Soleil-en artistak izaten dira nagusi baina zu bezalakorik ez dut sekula ikusi. Jartzen duzu oin bat esperantzan eta bestea dudan, zalantzan… Bizi baitzara ezbaian. Funanbulisten gisara dantzan abstinentzien sokan balantzan; aldiro erori nahian.
5 Eta erori ondoko goizak orduak batzean bizilagunek topatzen zaituzte eskaratzean. Etxera bueltan in itinere gorpu istripu bat alafede… Edateko zer bertute! Zu beti prestu, zu beti trebe zerorren ama saltzeko ere baxoerdi baten truke.
6 Humphrey Bogart bilakatu asmotan ari zarela ginebra duzu eskutan merkea bezain epela. Horma eskatzen duzu zuk eta besteok jotzen dugu pareta zerorrek baino gehiago. Edalontzia erdi beteta ikusten duzun arren tarteka beti erdi hutsa dago.
7 Burua garai onetan eta Casablancan oinak Parisen geratu dira zakurrak eta zikoinak. Hegazkin hura jada joan zen ordea zu ez zara ohartzen… Hegan egiten baituzu. Beraz has zaitez norantza jartzen ez baduzu zuk garaiz lur hartzen… Lurrak hartuko zaitu zu.
8 Pelikula klasikoen melodramako aktore, baina Mr. Hyde oro zen behinola Jekyll doktore. Rola sinetsi duzunez gartsu Stanislavski metodoak zu irensten zaitu gauean. Papera behingoz utzi ezazu zure bizitza zain baitaukazu pantailaren bestaldean.
1 Xapoketa heldu da zer altxor kaxa, taldean egin edo norbere kasa, hartu arnasa, kolorez hornitua bere konpasa, zer den jolasa, haur eta helduentzat denbora pasa. (err)
2 Desagertuak nola desagertzear, animali sendiak kondairan zehar, zenbat eme-har, bereziak arruntak lodi ta mehar, galdu gabe har, memoria lantzeko ikasi behar. (err)
3 Zazpi eremuetan dagoen fauna, zazpi ekosistema natur jarduna, toki kuttuna, garen eta izana argi iluna, zein erresuma, joko jolas ikasgai hartu duguna. (err)
4 Ugaztun anfibio ta narrastiak, ornogabeak, arrain ta hegaztiak, lehor bustiak, mendi gailurrak eta itsas azpiak, non eguzkiak, goxatu eta indartuz bizi guztiak. (err)
5 -Iratiko oihana Behe Nafarroa, -Uhaitzandi ibarra da Zuberoa, lur oparoa, -Arabako hegoan mendilerroa, haize harroa, -Bardeak basamortu nafar erroa. (err)
7 Eguzki hego haize euri elurte, naturaren zikloek mintzatzen dute, zenbat ezuste, unibertso garbiak onura luke, zaborran truke, ortzi oskarbiaren izar arkupe. (err)
8 Buru begien dantza xarma ikara, natur-kume artean aurkitzen gara, aukera bat da, Euskal Herrian zehar auzo bailara, xapoketara, gure ekositeman landuz euskara. (err)
1 Aizak hi, gixon, esan zein duk hire dema? zer daukak nesken aurka? non zegok problema? tradizioa dela hori duk dilema? oso laburra daukak ulermen eskema
2 Jairik gabe zeukagu aurtengo agenda presta ezak hurrengo Alarde-legenda ezak baztertu inoiz sexu edo enda hemen bidaltzen diat kintoen zerrenda
3 Lore, Nerea, Lisa, Jazinta, Alaia, Lurdes, Dorleta, Bea, Ramoni, Amaia, Edurne, Teodora, Sekundina, Laia Bibiñe, Dorotea, Luisa eta Maia
Larunbatean, maiatzaren 1ean, Oarso-Bidasoko LAB Sindikatuak eta Ezker Abertzaleak elkarretaratzea antolatu zuen Oreretan. Bertan, Langileon Nazioarteko Egunez, manifestaldia egin zuten herriko kale nagusienetatik igarota eta Zumardian bukatu zuten. Hitzartze politiko bakoitzaren aurretik, Txingudiko Bertso Eskolako Adrian Arruti Bernadetek bertsoak bota zituen. Horiekin, bertso sorta ondu eta Iker Eizagirre “Xufi” eta Iban Clementerekin batera musikatu egin zituzten. Jarraian bertan bildutako bertsoen transkripzioa, eta LAB Sindikatuak bildu diren argazkiekin eta sortarekin argitaratu duen bideoaren esteka:
1 Kaixo, lagun agurgarri, zaurgarri zein ez zaurgarri, ezinbesteko euskarri. Pasa ondoren urtebetetik gora egun errukarri ikasturteko aldarri batzuk harturik oinarri hona zenbait bertso jarri:
2 Bistan da gaurko eguna, zientoka aldarriduna, ezin besteko duguna! Baina falta da lagun ugari, bada gauza ezaguna: preso daukaten laguna zein zendu egin zaiguna guztiei agur kuttuna!
3 Zaintzarena zer langintza! Gau eta egun dabiltza ez sostengu, ez plangintza. Elkar menpeko baldin bagara elkar zaintzea da giltza! Auzolana, herrigintza; erdigunean bizitza… Hori da lehen baldintza!
4 Erizain edo mediku guztiek a zer meritu lanak ez ditu gelditu. Inoiz uretan sartu ez eta orain SURFean aditu! Uholdea da handitu jada lau olatu ditu… Eta ez dira ahitu!
5 Pentsiodunek zer orbain jada hiru urtez bikain lana eginagatik zain! Hainbeste eman digute eta ez al da hainbeste dohain bueltan guk emateko lain? Bizitza ez denez dohain pentsio duinak orain!
6 Behin ikasteari laga ostean hasten da traba, hori normala al da ba? Prekarietate gordinenean baitabil gazte bailara! Eta gu, gazteok, jada etorkizuna bagara lana beharrezkoa da!
7 Inoiz ez da topikoa krisi sistematikoa dela sintomatikoa. Kapitalaren erasoa ez baldin bada begikoa landu mira kritikoa, sozio-politikoa eta tokiz tokikoa.
8 Peraltako Baratzea, Tubacexen oinazea, Aiararen loratzea. Garbitzaile zein jangeletako andreen esku hartzea, ostalarien batzea, langileen oldartzea… Hori da hori klasea!
9 Pentsiodun burkidea, fabrikako lankidea, gaztetxo ikaskidea, garbitzen edo zaintzan aritzen den gertuko senidea… Berdin da ogibidea ikusirik deklibea… Argi da zein den bidea!
1-Eskualdean bada talde bat Irungo Harrera Sarea migranteekin egiten du lan ederra, paregabea haiek artatuz haiek lagunduz haiei goxatuz bidea bere jarduna plazaratzea nire sortaren xedea
2-Bi mila eta hemezortziko udako egun batean hainbat migrante agertu ziren RENFE geltokiko atean egun batzuek pasa zituzten haiek artatu arte han ez genekien zenbat gehiago helduko ziren artean.
3-Geroztik zifrak gora egin du azkarrago, mantsoago eta milaka etorri dira hori begi bistan dago bi mila eta hogei urtean bi mila baino gehiago baina tamalez egoera honek jarraituko du luzaro.
4-Frantzia edo Alemania migratearen jomuga baina zubia zeharkatzea zer nolako abentura Hendaialdean harrapatuak dira gaizkile modura ta poliziak berriz Iruna bueltatzea seguru da.
5-Gobernuz kanpo dauden taldeek jarri zuten interesa ordezkatzeko agintariek emandako erantzun eza ordutik hona bidea noski ez da izan hain erreza gure artera heldu den orok eduki dezan babesa.
6-Hiru taldetan banatzen dute euren jardueren zama Gautxorikoak joaten dira geltokira haiengana Harrerakoek banatzen dute informazio andana eta arropa arduradunek arropa batzeko lana.
7-Gautxorikoen jarduna noski kontuan hartu beharko geltokiraino joaten dira busa datorrenerako ahal den azkarren artatu oso garrantzitsua delako pasatzaileen eskutan laster erori daitezkeelako.
8-Harrerakoen taldean ere bada hainbat jende prestu noski ederki dakite jakin pertsona nola babestu galderarikan inork badauka ba erantzuna erreztu eta planorik behar badute jartzen dute haien esku.
9-Look aldaketak edo itxurak ez du garrantzi gutxi (e)ta aldagelara egiten dute ezinbesteko bisita eta handikan irteten dira egokiago jantzita migrantearen uniformea alde batera utzita.
10-Bolondres hauen jokabideak badu nahikoa meritu debalde ze lan egiten duten hemen ezin da kabitu eta norbaitek bere ekintzaz lagundu nahiko balitu udaletxeko aurrealdean hantxe topatuko ditu.
Joan den larunbatean, martxoaren 27an, Behe Bidasoko Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratzea antolatu zuen San Juan plazan. Bertan, martxoaren 30an etxez etxeko zaintzaileen nazioarteko eguna dela erreferentzia harturik, performancea egin zuten. Pentsiodun baten etxeko egongela irudikatu zuten eta bere bakardadea bistaratu. Ondoren, sektoreak nozitzen dituen gaitzen gaineko irakurketa burutu zuten eta Txingudiko Bertso Eskolako Adrian Arruti eta Maddi Sanz kideek bertso sorta musikatu zuten. Jarraian bertan bildutako bertsoen transkripzioa eta Gari Garaialde argazkilariak jasotako irudiak:
1 Hasi aurretik etxe zaintzaile denei agur beroenak lan egoera zein dela ere gogor lan egin dutenak. Gureak egin nahi genituzke zientoka lagunen penak sektorekoak diren enpresak prekario dauzkatenak baina oraindik gehiago dira kontratu gabe daudenak!
2 Saldu gisara ez ote zen ba pagotxaren mundua hau? Zenbat langile aritzen ote da ez hitzarmen, ez arau? Txanpon batzuen truke lanean izan egun zein izan gau… Zaurgarri dena zaurgarri zainduz zazpi bider hogeitalau! Sostengu gisa sostengu gabe; injustiziak hor dirau!
3 Gure sistema merkatua da. Gordina bezain krudela. Suntsitu behar dugun piztia ezin da izan bestela. Ohar gaitezen aurrera pauso garaia iritsi dela: etxeko zaintzan, zahar-etxeko zaintzaileekin bezela, negozioa egiteari utzi diezaiotela!
4 Historikoki emakumea zapaldu dugu sobera lan merkatura jauzi eginda makina bat gorabehera. Lanetik irten etxean lana eta berriro lanera gizarteak du zorra zuekin, eta galanta gainera! Beste izenik ezin du izan zor patriarkala deitzen da!
5 Zaintza sistema merkatuaren jarduerak bahitu du eta gaur hori salatzea da hemen gaudenon helburu. Pausorik pauso, pauso txikika, pauso motz; pauso seguru elkar zaintzeko sare publiko integrala behar dugu! Guk zaintzaileak zaindu ezean nork zaindu behar gaitu gu?
Aurten ere antolatu dute bertso saioa Landetxako Auzo Elkarteko kideek. Martxoaren 13an izan zen saioa, arratsaldeko 17:00etan. Alaia Martin eta Jon Maia aritu ziren bertsotan, eta Zuhaitz Olazabalek jarri zizkien gaiak.